Gunearen mapa | Search

Gurasoen gida
Informazioa gurasoentzat
KiVa eskola jazarpenari aurre egiten dion eskola da Gurasoen gida bi hitzetan
Bullying edo jazarpenari buruzko oinarrizko informazioa
Zer da bullying edo jazarpena? Jazarpen motak Jazarpena gela osoari dagokion kontua da Zerk sorrarazten du jazarpena? Nola igarri ikasle bat jazarria izaten ari dela?
Jazarpenaren aurkako neurriak eskolan eta etxean
Ekintzak eskolan Etxean har daitezkeen neurriak
Lotutako ikerketa eta ikasketak

Etxean har daitezkeen neurriak

Etxean har daitezkeen neurriak

Galderak garrantzitsuak dira

“Zer moduz gaur eskolan?”;edo: “Eskolan ongi?”.Gurasoek beren seme-alabei egunero egin diezazkieten galdera garrantzitsuak dira. Ikaslearen eskola-egunari, haren sentimenduei, aldarteari eta lagunekiko harremanari buruzko informazioa ematen dute. Galderek aditzera ematen dute gurasoek eskolan gertatzen denarekiko interesa dutela. Bestalde, lagunekin izan daitezkeen arazoez hitz egiteko egokiera eman dezakete.

Eskola-egunari buruz galdetzen duzun hurrengoan, ez konformatu erantzun labur batekin (“ederki”, “ondo”...).Hartu denbora gehiago, gaiari buruz behar beste hitz egin ahal izateko. Hitz egiteaz gain, garrantzitsua da sentimenduak “entzun” eta ahotsaren tonuari erreparatzea, eta aurpegiei eta keinuei arreta jartzea. Helburua ez da haurra galdekatzea, baizik eta harekin solasaldi bat izatea, biek eguneko gertaeren inguruko pasadizoak partekatzeko. Horretarako, jardunbide egokia da baiezko edo ezezko soil batekin erantzun ezin daitezkeen galderak egitea.

 

Tankera honetako galderak lagungarriak izan daitezke gaiaz jarduteko:

  • Zer izan da gaur eskolan gertatu zaizun gauzarik onena?
    • Eta txarrena?
  • Norekin egon zara gaur eskolan?
    • Ongi moldatu al zara haiekin?

 

 

  • Gaur zer egin duzu lagunekin?
    • Ongi pasa al duzu?
  • Zer egin duzu eskolarako/etxerako bidean?

 

 

Jazarria izaten ari den haurrari babesa ematea

Zure haurra eskolan jazarria izaten ari dela jakiteak edo susmatzeak emozio mota ugari eragin ditzake.Horrelako egoera batean, haserrea, izua, lotsa eta errua moduko sentimenduak normalak dira, eta are espero izatekoak. Emozioez gaindi egon arren, saiatu gehiegizko erreakziorik ez agertzen, horrek zure haurrari, jazarpenaren biktimari, sinetsaraziko baitio bera dela bere gurasoen nahigabearen kausa. Beste arrisku bat da ia erreakziorik ez agertzea, zure haurrak sentituko baitu egoerari garrantzia kentzen ari zatzaizkiola. Arazo zailak ez dira saihestu behar gehiegizko edo gutxiegizko erreakzioak agertuz; haiei nola aurre egin ikas dezakezu. Auziari heltzean, helburu gisa jarri behar ditugu haurrari babesa ematea, haren autoestimua handitzea eta jazarpena geldituko dela ziurtatzea.

 

 

Zer egin?

  • Zure haurra eskolan jazarria izaten ari dela badakizu edo susmatzen baduzu, berarekin hitz egin. Akaso ez dizu ezer esan nahiko, eta, beraz, kontuan hartu hasieran agian arazoa ukatu egingo duela.

  • Zure haurra gaiaz hitz egitera animatu, eta ziurtatu lagundu egin nahi diozula, ez duela inporta egoera zenbateraino izan daitekeen korapilatsua.Zure haurrari jakitera eman %100 haren alde zaudela.

  • Garbi eta sarritan esan ez dela haren errua jazarria izatea. Ez du ezer gaizki egin, jazarpena justifikatzen duenik.

  • Ez agindu auzia isilean gordeko duzula, horrela ezinezkoa baita esku hartzea! Agindu, hori bai, ez duzula ezer egingo lehendabizi berarekin hitz egin gabe. Horrela haren konfiantza izango duzu eta hitz egiteko aukera zabalik mantenduko duzu.

  • Elkarrekin pentsatu nola aurrera atera jazarpen-egoeratik.Ekintza soilak dira onenak. Erasotzaileek biktimak modu jakin batean erreakzionatzea nahi izaten dute: negar egitea, nahastuta geratzea, beldur izatea, eztanda egitea… Ahal izanez gero, biktima axolagabe agertzen, jazarpenari EZ esaten edo egoeratik urruntzen saia liteke. Biktimak erreakziorik agertzen ez badu edo alde egiten badu, erasotzaileari zaila egiten zaio bere jardunbidearekin jarraitzea. Era berean, jazarpen-egoeretan hain beharrezkoa den asertibitatea praktika daiteke: nola esan modu sinesgarrian EZ, NAHIKOA DA edo UTZI JAZARTZEARI.

  • Elkarrekin pentsatu nola saihestu egoera zailak, zure haurra jazarria izan daitekeen egoerak. Adibidez,zure haurrak akaso ez luke ikasgelatik azkena atera behar jangelara joateko, ez luke eskolara dirua edo baliozko gauzak eraman behar eta ez luke beste ikasleengandik edo jolas-orduko begiralearengandik aparte egon behar. Komeni da beste haur batzuengandik hurbil egotea, haiek ez ezagututa ere. Taldean seguruago zaude.

 

 

  • Pentsatu nola sendotu dezakezun biktimak bere buruarengan duen konfiantza. Zure haurrari ongi sentiaraziko dion poster bat egin dezakezu, adibidez. Bilatu zure haurra pozik eta alai dagoen argazki bat.Itsatsi paperean .Argazkiaren inguruan idatzi beste batzuek berari babesa eta adorea emateko egin dituzten iruzkin atseginak. Horrez gain, idatzi berak dituen gaitasunei eta bereziki onak den egoerei buruzko iruzkinak. Behin posterra amaitu ondoren, jarri erraz ikusteko moduko leku batean.

  • Jazarpenaren ondorioz, biktimak herabe eta barnerakoi ager litezke. KiVa ikasgaietan lagunak nola egin lantzeko eztabaidak daude, eta harremanak eratzeko behar diren trebetasunak lantzeko ariketak. Irakasleari galde diezaiokezu zer gai lantzen ari diren, eta etxean ere horiei buruz hitz egin dezakezue. Pentsatu zuk zer bide erabiltzen dituzun lagunak egiteko eta mantentzeko.

  • Zure haurra lagunak etxera gonbidatzera anima dezakezu, hasieran agian banan-banan, familia-ingurune seguru batean trebetasun sozialak landu ahal izan ditzan.

  • Zure haurra anima dezakezu lagun berriak topatu eta egin ditzakeen zaletasunetan parte har dezan.

  • Merezi du eskolako KiVa taldearekin harremanetan jartzea. Taldeko kideek jazarpen-kasuei aurre egiteko prestakuntza jaso dute. Esan kideei zer gertatu den, eta etxean zer egin duzun biktimari babesa emateko.

EZ  

Elkarrekin praktika daiteke jazarpen-egoerei aurre egitea

Jazarpen-egoerei aurre egitea etxean praktika daiteke. Jazarpena gelditzea ez da ikasle/biktimaren erantzukizuna; erantzukizuna helduena da beti, eta, eskolan, irakasleena. Lehen urratsa EZ edo NAHIKOA DA hitzak izan daitezke. Egoera jakin horretan, hitzok zure aurkako portaera mingarria eten dezakete.

Garrantzitsua da zure haurrari honako hau galdetzea:

Gai al zara erasotzaileari EZ edo NAHIKOA DA irmoki esateko?

Jazarpen-egoera askotan, erasotzaileari EZ esan diezaiokezu. Hasieran, zure gurasoekin batera praktika dezakezu. Etxean bilatu bazter lasai bat, zure intimitatea galarazia izango ez den leku bat. Ozen irakurri jarraian datorren BADAKIT atalean jasotako ideiak. Horien inguruan eztabaidatu. Ondoren, joan EGIN DEZAKET atalera, EZ hitzarekin praktikatzeko. Azkenik, EGINGO DUT atalera joan eta erabili hitz hori egoera erreal batean. Elkarrekin pentsatu zer egoeratan erabil dezakezun eta erabili beharko zenukeen EZ hitza.

Badakit. EZ hitz laburra da baina oso boteretsua. Besteei jakinarazten die ez zaizula gustatzen egiten ari zaizkizuna. Mehatxatua sentitzen bazara edo norbait gaizki tratatzen ari bazaizu, hitz hori erabil dezakezu. EZ esatea zaila egiten bazaizu, praktikatu eta hitza behin eta berriz esan.

Egin dezaket. Praktikarekin EZ esaten oso ona bihur zaitezke .Praktikatzen has zaitezke, adibidez, ispiluaren aurrean jarrita. Begiratu ispiluan zure irudiaren islari. Zutik eta zuzen jarri, burua tente. Arnasa sakon hartu eta argi eta irmo EZ esan. Hitza ozen esan beste behin, tonu altu eta sakonagoaz. EZ.

Familiako batekin ere praktika dezakezu. Begiratu hari begietara eta argi eta irmo EZ esan. Ez duzu haserre edo nahigabetuta agertu behar; EZ esaten duzunean,irmo eta sendo agertu.

Egingo dut. Praktikatu ondoren, hasi hitza eguneroko bizitzako egoera errealetan erabiltzen.Pentsatu praktikatzen ari zinenean zer ongi esaten zenuen EZ, eta esan orain eguneroko bizitzako egoera errealetan, jazarria edo errespeturik gabe tratatua izaten ari zarenean. Egoeratik aldentzeak hitzaren efektua indartzen du. Bertan egon eta eztabaidan hasteak ez du zentzurik. Egoera horiek behin eta berriro gertatzen jarraitzen badute, ez izan zalantzarik eta esan zure irakasleari edo beste heldu bati.

Nola lagundu diezaiokete lekukoek biktimari?

Erasotzailea eta haren laguntzaileak ez ezik, sarritan lekukoak ere izaten dira jazarpen-egoeretan. Ez dira jazarpenaren erantzule, baina asko egin dezakete hura murriztu edo eragozteko.

  • Animatu zure haurra jazarpena geldiarazteko jarrera har dezan. Jazarpena azkarrago geldi daiteke kanpoko batek esku hartzen badu.
  • Galdetu zure haurrari nola sentitzen den jazarpena kanpotik ikusten duenean. Zer sentimendu sorrarazten dizkio? Hitz egin sentimendu horien inguruan.
  • Proposatu zure haurrari lagunekin jazarpenari buruz hitz egin dezala. Zer egin dezakete elkarrekin jazarpena desagerrarazteko? Jazarpena begi txarrez ikusten duen pertsona multzo batek eragin handia izan dezake jazarpena gelditzean. Jazarpena gelditu egingo da begira dagoen ikuslerik ez badago!

  

 

  • Jazarpen motei buruz ere hitz egin dezakezue. Jazarpena ez da jotzea edo iraintzea soilik; zeharkakoa izan daiteke, edo ziberjazarpena. Horietako bat bera ere ez da onargarria!
  • Animatu zure haurra jazarpena dagoenean pertsona heldu bati esan diezaion. Hori ez da esamesaka aritzea edo txibatzea. Helduei esatea laguntza behar duen biktimari laguntzeko modu onargarri eta eraginkorra da. Isiltasunak biktimaren sufrimendua luzatu besterik ez du egingo.
  • Hitz egin zure haurrari jazarpen-kasuez arduratzen den KiVa taldeari buruz (eskolako jazarpenaren aurkako taldea). Jazarpenaren inguruan hitz egin behar izanez gero, jarri harremanetan taldeko kideekin.

 

 

Zure haurra mugikor bidez edo online jazarria bada

Zer egin mezu iraingarriekin?

  • Aholkatu zure haurrari ez irekitzeko erasotzaileek edo erabat ezezagunak diren pertsonek bidalitako mezuak.

  • Esan zure haurrari jazarpenezko mezuei behin bakarrik erantzuteko, ez duelako merezi gehiagotan erantzutea, eta erantzun labur eta zehatza emateko, garbi adieraziz jazarpena gelditzea nahi duzula.

  • Mezuaren bidaltzailea zure haurraren eskola berera joaten bada, jarri harremanetan eskolako langileekin.

  • Jazarpenak jarraitzen badu, aukera bat izan liteke haurraren e-maila edo telefono-zenbakia aldatzea.

  • Beharrezkoa izanez gero, jazarpenezko mezuak gorde edo erregistra litezke, jazarpenari aurre egiteko beste neurri batzuk hartu beharko balira ere.

  • Bestalde, zure email-programa egokitu dezakezu bidaltzaile jakin batzuen mezuak berariazko fitxategi batera iragazteko, zure haurrak irakurri behar izan ez ditzan.

Zure seme-alabari buruzko testu edo argazki iraingarriak partekatzen badituzte

  • Jarri harremanetan webgunearen administratzailearekin. Administratzaileak testua ken dezake, eta agian haren egilea nor den jakitea lor dezake.

  • Gorde jazarpena gertatzen ari den web-orri guztiak, beste neurri batzuk hartu beharko balira ere.

  • Jazarpena bereziki larria bada, jarri harremanetan ertzaintzarekin.

Guraso baten betebehar garrantzitsuena

bere haurra oroz gain maitatzea eta hari adorea ematea da. Biktimari helarazi behar zaion mezu nagusia hau da:

  1. jazarpena ez da zure errua;

  2. lasai, gaizki sentitzeko motiboak dituzu, elkarrekin aurrera aterako gara; eta

  3. laguntza eta babesa izango dituzu, eta jazarpena gelditu egingo da.

Jazarpen-egoera askotan, lehen urratsa EZ hitza irmoki esatea izan daiteke.Beharrezkoa izanez gero, gurasoekin praktikatu daiteke hori, hitza jazarpen-egoera errealetan erabili aurretik. Zure haurra online edo mugikor bidez jazarria izan bada, esaiozu nola aurre egin mezu iraingarri edo desegokiei.Merezi du KiVa taldearekin harremanetan jartzea eta gertatutakoaz hitz egitea.Taldeko kideek esan dezakete eskolan zer egin den edo egingo den kasuari aurre egiteko eta jazarpena gelditzeko. Jazarpena bereziki larria bada, egokia izan daiteke ertzaintzarekin harremanetan jartzea.

Nire haurra jazarpenean parte hartzen ari da: zer egin beharko nuke?

Zer egin beharko nuke esaten badidate nire haurrari besteei jazartzea leporatu diotela edo horren susmoa dagoela? Tankera horretako informazioa ezusteko gisa har genezake, eta lehen erreakzioa haserretzea, zalantzan jartzea edo errudun sentitzea izan daiteke. Sentimendu horiek bidezkoak eta ulergarriak dira, baina hobe da arazoari heldu aurretik pixka batean geratu eta pentsatzea.

Ez dugu pentsatu ere egin nahi gure haurrek jazarpenean parte har dezaketenik. Batzuetan, erasotzaileak ikasle oldarkor eta nolabait asaldatu gisa ikusten ditugu. Egia, ordea, da besteei jazartzen zaizkien ikasle gehienak etxe eta familia normaletatik datozen haur eta nerabe arruntak direla.

Zer egin?

  • Saiatu jakiten zehazki zer gertatu den. Benetan bullying edo jazarpena da ala ikasleen arteko desadostasun edo eztabaida bat? Desadostasunak edo eztabaidak ere bideratu beharko dira akaso.Zure haurrari egoeraz galdetzen diozunean, ez kritikatu, ezer ez leporatu edo ez epaitu.
  • Saiatu jakiten zure haurra nola eta zergatik ari den jazarpenean parte hartzen.Zein da haren rola jazarpen-egoeretan? Erasotzaile nagusia da, laguntzaile bat edo animatzaile bat? Gogoratu haurrek sarritan ukatu egiten dutela gertatukoan parte hartu izana, edo beren parte-hartzeari garrantzia kentzen diotela.
  • Ez onartu tankera honetako azalpenak: “Jolasten bakarrik ari ginen, ez ginen benetan ari”. Argi eta garbi adierazi jazarpena ez duzula onartzen, eta lagundu zure haurrari ulertzen zer alde dagoen jolasaren eta jazarpenaren artean.
  • Adierazi zer beldurgarri eta bidegabea izan daitekeen jazarpena biktimarentzat. Azpimarratu ezerk ez duela jazarpena justifikatzen.
  • Azaldu jazarpenak gelditu behar duela, eta egoerak okerrera egin dezakeela bai biktimarentzat bai jazarpenean parte hartzen ari direnentzat.
  • Jazarpena gaitzetsi, ez zure haurra. Argi eta garbi adierazi jazarpena ez duzula babesten, baina zure haurra babesten duzula. Ziurtatu haurrari jazarpena gelditze aldera berari laguntzeko eta babesa emateko prest zaudela.
  • Pentsatu zure haurrak beste heldu batzuen aholkua eta orientazioa behar dituen. Zaletasunen inguruan eta etxeratzeko ordurako arau garbiak ezarri. Une oro jakin zure haurra non eta norekin dagoen.

  

  • Erakutsi zure haurrari besteak errespetatzen eta pertsonen arteko desberdintasunak onartzen. Desberdintasuna aberasgarria da, ez da mehatxu bat edo inor barregarri uzteko arrazoi bat.
  • Esan zure haurrari sinetsita zaudela portaera alda dezakeela. Esan ziur zaudela benetan ez duela besteei kalte egiterik edo haien sentimenduak mintzerik nahi. Konfiantza erakutsi sinets dezan benetan bere portaera aldatzeko gai dela.
  • Aldatzeko bide egokiak izan daitezke, esaterako, trebetasun sozialak garatzea, jazarpena begi txarrez ikusten duten lagunekin ibiltzea eta zaletasun berriei heltzea. Elkarrekin, pentsatu zer egin dezakeen zure haurrak lagunekin hobeto moldatzeko eta taldean arreta positiboa erakartzeko.
  • Jazarpenean parte ez hartzea erabakitzen badu edo jazarpena gelditzeko urrats txikiak ematen baditu, bide horretatik jarraitzera animatu.
  • Jazarpenak jarraitzen badu, garbi adierazi horrek ondorio kaltegarriak ekarriko dizkiola bai eskolan bai etxean.
  • Zigorraz baliatu behar izanez gero, bidezko metodoak erabili.Zigorrak ez luke fisikoa izan behar. Hain zuzen ere, horrelako zigorrek jazarpenaren aldeko portaera sendotu lezakete. Beste behin, garrantzitsuena da zure haurrari esatea onesten duzula eta maite duzula, baina ez duzula onartuko bera beste inori jazartzea.
  • KiVa taldeko kideek jazarpen-kasuei aurre egiteko prestakuntza jaso dute. Haiengan fidatu! Nahi izanez gero, haiekin hitz egin jakiteko eskolan zer egiten ari garen jazarpena gelditzeko.

Besteei jazartzen aritu den zure haurrari era askotan eman diezaiokezu babesa.

Harekin gaiaz hitz egiterakoan, lasai eta irmo jardun. Argi eta garbi adierazi ez duzula jazarpena onartuko. Saiatu biktimarekiko enpatia sorrarazten. Hizpidera ekarri biktimak zer beldurra izango duen eta zer gaizki sentituko den. Azpimarratu ezerk ez duela jazarpena justifikatzen. Esan zure haurrari babesa emango diozula besteei jazartzeari utz diezaion. Elkarrekin, pentsatu zure haurrak zer metodo erabil ditzakeen haserrea kontrolatzeko eta etsipenari aurre egiteko. Beste aukera bat da pentsatzea zer egin dezakeen zure haurrak biktima babesteko. Adibidez, “kaixo” esan eta irribarre batekin adorea eman diezaioke .Gutxienez, jazarpenean inola ere ez parte hartzeko konpromiso hartu beharko luke.