Gunearen mapa | Search

Gurasoen gida
Informazioa gurasoentzat
KiVa eskola jazarpenari aurre egiten dion eskola da Gurasoen gida bi hitzetan
Bullying edo jazarpenari buruzko oinarrizko informazioa
Zer da bullying edo jazarpena? Jazarpen motak Jazarpena gela osoari dagokion kontua da Zerk sorrarazten du jazarpena? Nola igarri ikasle bat jazarria izaten ari dela?
Jazarpenaren aurkako neurriak eskolan eta etxean
Ekintzak eskolan
Etxean har daitezkeen neurriak
Lotutako ikerketa eta ikasketak

Ekintzak eskolan

Ekintzak eskolan

KiVa programa

KiVa programa ikerketen emaitza eta ondorioetan oinarritzen da, eta eskola-jazarpenari aurre egiteko hezitzaileentzako tresna bat izateko sortu da.

 

KiVa

Eskolan hartzen diren neurriak

KiVa-k jazarpenari buruzko informazioa eman eta arazo horri nola aurre egin erakusten die eskolako langileei. KiVa-ren xedea da eskolako pertsona heldu guztiak jazarpenaren aurkako borrokan engaiatzea. Programan eskola bileretarako eta “guraso bileretarako” materiala dago. Jolas-orduko begiraleei material islatzailez egindako txalekoak ematen zaizkie, haiek errazago ikusiak izateko eta ikasleei eta begiraleei gogorarazteko begiraleek zeregin garrantzitsua dutela: denen segurtasunaz arduratzea.

Ikasgelan hartzen diren neurriak

KiVa programa 10 ikasgaiz osatuta dago , eta eskola-lanak ere baditu. Programa ikasturte osoan zehar ematen da.KiVa ikasgaiak hartzeko adinetan/mailetan dauden ikasleek hilean behin edo bitan izango dituzte klaseak. Ikasgaietan hainbat eztabaida daude –jazarpenari eta besteak errespetatzeari buruz, taldean ongi moldatzeko egin beharrekoari buruz…–, eta askotariko ariketak eta talde-lanak.Klaseen eta ikasgaien osagarri, KiVa ordenagailu-joko bat ere badago.Jokoan, ikasleak eskola birtual batera joaten dira jazarpenaren aurkako ekintzak praktikatzeko, eta beren ekintzen inguruko feedbacka ematen zaie. Etxean Interneterako sarbidea duten ikasleak etxetik bertatik sar daitezke. Eskatu zure haurrari KiVa jokoa erakusteko!

Ikasgelan egindako lanaren helburua da ikasleak heztea jakin dezaten zer rol joka dezaketen jazarpena gelditzeko,egoera isilean onartu edo erasotzaileak animatu beharrean biktima bihurtutako ikaskideari babesa ematen has daitezen, eta hori eginez adieraz dezaten jazarpena ez dutela ontzat hartzen. Jazarpena gelditzea posible bihurtzen da ardura partekatuaren sentipena garatzen denean eta taldeko arauak aldatzen direnean.

Jazarpen-kasuetan hartzen diren neurriak

KiVa programak, jazarpenari aurrea hartzeaz gain, jazarpen-kasuei aurre egiten die, ahalik eta modu eraginkorrenean.Programa ezartzen duen eskola bakoitzak indar berezien talde bat du –KiVa taldea– gutxienez hiru irakaslek edo beste heldu batzuek osatua. Prestakuntza gisa, taldeko kideek jazarpen-kasu zehatzei aurre egiteko neurrien berri ikasten dute. Eskolan jazarpenarekin lotutako auziez arduratzen diren adituak dira.

Guraso bat eskolarekin harremanetan jartzen denean jazarpenaren inguruko kezkak dituelako, edo ikasle batek irakasleari jazarpen-gertakari baten berri ematen dionean, irakasleak ematen duen lehen urratsa da erabakitzea dagokion kasua jazarpen sistematikoa den, halabeharrez sortutako liskar bat den, haurren arteko eztabaida bat den edo nahigabea eragin duen gaizki-ulertu bat den. Jazarpena izateko irizpideak betetzen dituzten kasu guztiak KiVa taldeari jakinaraziko zaizkio, eta taldeko kideek kasuari helduko diote eta tartean diren ikasleekin hitz egingo dute.Lehendabizi, taldeko kideek biktimarekin hitz egiten dute, eta ondoren, banan-banan, jazarpenean parte hartu duten ikasle guztiekin.Behin hori eginda, jazarpenean parte hartu duten haur guztiak talde moduan elkartzen dira KiVa taldearekin.Erasotzaileek beren portaera nola aldatuko duten adostu ondoren, beste bilera bat –jarraipeneko hizketaldia– antolatzen da. Jarraipeneko eztabaida horiekin ziurtatu nahi da jazarpena benetan gelditu dela.

Gurasoei beren haurra tartean den KiVa taldearen ardurapeko kasu guztiak jakinarazten zaizkie. Beharrezkoa izanez gero, eskolara etortzeko eska dakieke, auziaz hitz egitera. Edonola ere, jazarpenari buruzko hizketaldiak eskolako helduen eta ikasleen artean izaten dira nagusiki.

Eskola osoari dagokionez, KiVa programaren helburua

 

da eskolako langileei jazarpenaren inguruko oinarrizko informazioa eman eta arazo horri nola aurre egin erakustea, eta langileak jazarpenaren aurkako borrokan engaiatzea. Jolas-orduko begiraleek erraz ikusteko moduko txalekoak, KiVa-ren logo bat daramatenak, jasoko dituzte, guztiek programa gogoan eduki dezaten. Ikasgelari dagokionez, asmoa da ikasleengan eragitea, jazarpena isilean onartu eta erasotzaileak animatu beharrean biktimari babesa eman diezaioten, eta hori eginez adieraz dezaten jazarpena ez dutela ontzat hartzen. Ikasleei berei dagokienez, helburu nagusia da jazarpen-kasu larriei ahalik eta modu eraginkorrenean aurre egitea. Kasu bati aurre egiten zaionean, jarraipeneko hizketaldi bat antolatzen da beti, egoera benetan aldatu dela ziurtatzeko.