Gunearen mapa | Search

Gurasoen gida
Informazioa gurasoentzat
KiVa eskola jazarpenari aurre egiten dion eskola da Gurasoen gida bi hitzetan
Bullying edo jazarpenari buruzko oinarrizko informazioa
Zer da bullying edo jazarpena? Jazarpen motak Jazarpena gela osoari dagokion kontua da Zerk sorrarazten du jazarpena? Nola igarri ikasle bat jazarria izaten ari dela?
Jazarpenaren aurkako neurriak eskolan eta etxean
Ekintzak eskolan Etxean har daitezkeen neurriak
Lotutako ikerketa eta ikasketak

Nola igarri ikasle bat jazarria izaten ari dela?

Nola igarri ikasle bat jazarria izaten ari dela?

Aldaketak portaeran

Ikasleak hainbat modutan ager ditzake bullying-aren ondorioak. Ikaslea jazarria izan daitekeela aditzera eman dezaketen zantzu asko haur edo nerabearen bizitzako beste arazo batzuen ondorio izan litezke. Senide baten bat-bateko gaixotasunak, gurasoen dibortzioak, gurasoen eta anai-arreben arteko liskarrek edo langabeziak familia osoaren bizitza asalda dezakete eta haur eta nerabeengan sintoma gisa ager daitezke. Beraz, baliteke ondoren aipatuko diren zantzuak ez izatea jazarria izatearen ondorio.Gogoratu behar da, baita ere, guraso bakoitzak dakiela ondoen haren haurrak nola adierazten duen nahigabea eta noiz dagoen zerbait gaizki.

Sarritan, arrasto onena ikaslearen portaeran sumatutako aldaketa bat izaten da. Adibidez, aurrez eskolarekiko sentipen onak dituen ikasleak eskolarekiko interesa galtzen badu eta iheska badabil, hori nahikoa arrazoi bada egoerari arreta handiagoa jartzeko eta bat-bateko aldaketa hori zerk eragin duen aztertzeko. Gaiaz hitz egitea da bide garbi eta zuzenena.Hala ere, kontuan hartu haur edo nerabe batek akaso ez duela egoerari buruz hitz egiteko gogorik izango, ezta gurasoekin ere.Garrantzitsua da hitz egiteko funtsezko arau batzuk ezartzea; batik bat,solasaldietan errespetuz hitz egitea eta babesa helaraztea. Beharrezkoa gerta liteke, halaber, gelako irakaslearekin edo eskolako KiVa taldearekin harremanetan jartzea.

 

 

Norbait jazarria izaten ari dela adieraz dezaketen zenbait zantzu

Lehen ez bezala, ikaslea(k)…

  • eskolako joan-etorriak oinez egiteko edo eskolarako ohiko ibilbidetik joateko beldur da.

  • ez du eskolako autobusa hartu nahi.

  • sarritan eskatzen du eskolara autoz eramateko edo eskolara laguntzeko.

  • ez du eskolara joan nahi, eskolara edo klaseetara ez da agertzen, horretarako arrazoi garbirik izan gabe.

  • eskola-egunetan, goizean gaixo dagoela esaten du.

  • arropak edo motxila nahaspilatuta dituela etortzen da eskolatik etxera.

  • gosetuta etortzen da etxera (jangelan jateko beldur da).

  • Barnerakoi eta isil ageri da, eta bere buruarengan konfiantza galdu duela ematen du.

  • estresatuta eta antsietateak hartua ageri da.

                       

                      • jateko gogoa galdu du, sarritan esaten du ez duela jateko gogorik.

                      • loak hartu arte negar egiten du, amesgaiztoak ditu.

                      • bere gauzak galtzen ditu (bisera, kapela, liburuak, koadernoak, estutxea…).

                      • dirua eskatzen edo lapurtzen du (erasotzaileari edo haren laguntzaileei emateko), edo paga sarritan galtzen du.

                      • ubeldura, urratu edo ebaki misteriotsuak izaten ditu.

                      • haserrekor, suminkor eta tratagaitz ageri da.

                      • bakarrik eta lagunik gabe egoten da sarritan, ez du gehiago etxera lagunik ekartzen.

                      • ez du gertatzen zaionaz hitz egin nahi, edo orain arte aipatu diren kontuen inguruan oso sinesgarriak ez diren azalpenak ematen ditu askotan.

                                Ez dago norbait jazarria izaten ari dela adierazten duen zantzu bat eta bakarra.

                                Guraso bakoitzak bere haurra ongi ezagutzen du, eta badaki nahigabea nola agertzen duen. Askotan, seinale garrantzitsuena ikaslearen aurreko portaerarekiko izan duen aldaketaren bat da; adibidez, eskolara gustura joaten zen haur batek ez du gehiago joan nahi. Itxura batean aldaketa horretarako motiborik ez badago, komeni da haurrarekin eta eskolako langileekin hitz egitea, jazarria izaten ari ote den jakiteko.